XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Eta zaintzaileordeak eta zuzendaritzako bi andrek ere entzun zuten konplimendua.

Eta Ginger Mooneyk ere beti esaten zuen ez zekiela zer egingo ziokeen lisaburdinen ardura zuen gormutuari Mariagatik ez balitz.

Oso maite zuten denek Maria.

Emakumeek seietan hartzen zuten tea eta zazpiak baino lehen alde egin ahal izango zuen Mariak.

Ballsbridge-tik Pilarera, hogei minutu; Pilaretik Drumcondrara, hogei minutu; eta hogei minutu gauzak erosteko.

Zortziak aurretik iritsiko zen.

Zilarrezko ixtekoa zuen diru-zorroa atera eta Belfasteko oparia hitzak irakurri zituen berriz ere.

Oso maite zuen diru-zorro hura, Joek erositakoa baitzen, bost urte zela, Joek eta Alphyk Mendekoste biharamun batez Belfastera egin zuten bidaia batean.

Bi koroa-erdiko eta kobrezko txanpon batzuk zeuzkan diru-zorroan.

Bost txelin geratuko zitzaizkion garbi, tranbia ordaindu eta gero.

Zein arratsalde polita igaro behar zuten, haur guztiak kantari zirela!

Joe mozkortuta ez etortzea besterik ez zuen espero.

Hainbeste aldatzen zen zerbait edaten zuenean!

Sarritan esan izan zion Joek berekin bizitzera joateko; baina traba egingo zukeela iruditzen zitzaion (nahiz eta Joeren emazteak oso adeitsu hartu izan zuen beti), eta ohitu egin zen arropa-garbitegiko bizimodura.

Joe oso ona zen.

Berak hazi zuen Joe, eta baita Alphy ere; Joek sarritan esaten zuen: